Hasiera

Historia

Portugalete

Portugalete

XII. mendean arlo militarraren eta polizialaren arteko bereizketarik egiten ez zuen prozesu batean sartuta zeuden mendebaldeko gizarte guztiak, eta garai antolatu ziren udal-miliziak dira Euskadiko ordena publikoa defendatzeko jardueren jatorria.  Milizia horiek noizbehinka sortzen ziren eta bereziki herritarrez osatuta egoten ziren. XV. eta XVI. mendeetan finkatu ziren gudaroste iraunkorren aurrekariak izan ziren.

Polizia, udalbatzaren baitan barne-arazoez arduratzen den instituzio gisa ulertuta, XVIII. eta XIX. mendeen amaierako testuinguru politiko ezegonkorraren ondorioz zabaldu zen. Foru Aldundiek ikusi zuten guda karlistek arriskuan jartzen zutela foru-araubidea, horrenbestez, indarrak batu eta Borboitarren monarkiak ordena publikoaren gaineko eskumen-esklusibotasun ia osoa ematea lortu zuten, eta botere hori mamitzeko lehenengo foru-kidego iraunkor armatuak sortu zituzten: mikeleteak, foralak eta miñoiak.

1834. urtean Gobernadore Zibilak izendatu ziren diputazio eta udaletan ezarritako administrazioa modu periferikoan antolatzeko premiari erantzuteko. Eraldaketa horren barruan sartu behar da udaltzaingoa erakunde bihurtzeko prozesua. XIX. mendearen bigarren zatian Udaltzaingoaren kidegoak sortzen joan ziren poliki-poliki, hiru euskal hiriburuetako udaltzaingoei buruzko deskribapen grafikoak erakusten duen legez.

 

Bilboko Udaltzaingoa

Bilboko Udaltzaingoa gatazka karlistako guda arteko lehen tartean sortu zen, 1844ko azaroaren 8an, hain zuzen. Federico Victoria de Lecea alkatearen agindupean eratu zen tokiko erakunde modernoa izateko asmoz. Lehenengo promozioa ordura arte udal-poliziaren araudiak betearazteaz eta merkatuak zein toki publikoak zaintzeaz arduratzen ziren sei aguazilek osatu zuten. 1888an Polizia Judizialaren atala sortu zen, baina 1877az geroztik betetzen zituen zereginak.

 

Gasteizko Udaltzaingoa

XIX. mende hasieran, Gasteizek nolabaiteko profesionaltasuna aitortu zion kaleetako segurtasuna babesteko zereginari, udal-araudiaren betearazpena bermatzeko erantzukizuna zuten lehenengo postuak antolatu baitzituen: gauzainak eta aguazilak.

Mende-amaieran, 1877an hain zuzen, herritarren segurtasunerako erakundea behin betiko arautzen zuen Udal-legea onetsi zen. Handik urte batzuetara, lege horrek nolabaiteko batasuna eman zion zerbitzuari, eta horrela, ordura arte aguazilek eta gauzainek egiten zituzten lanak eguneko eta gaueko guardiek hartu zituzten beren gain. Guardia horiek osatu zuten Gasteizko Udaltzaingoa.

 

Donostiako Udaltzaingoa

Donostiako Udaltzaingoaren aurrekariak, beste bi euskal hiriburuetan bezalaxe, XIX. mende hasierakoak dira. 1829. urtean hiriko udalak Gauzainen Kidegoa sortu zuen gaueko ordena publikoa eta argiteria publikoaren funtzionamendu egokia berma zitzan.

Kidegoak hainbat gora-behera izan zituen mendearen lehen erdian, izan ere, desagerrarazi edo berriro sortu egiten baitzuten garaiko gerra-giroaren eta gerrak herritarrei eragiten zien segurtasun ezaren arabera.

Bestalde, 1849an Donostiako Udaltzaingoaren Zaindari Zerbitzua sortu zen.

Ondoren, 1865ean, Udalak zerbitzu biak berritu zituen udalbatza ardura zedin horiek antolatzeaz eta kudeatzeaz, ordura arte Gauzainen Kidegoaren ardura Foru Aldundiaren eta Udalaren artean partekatzen baitzuten. 1873tik aurrera gauzainak udaltzain izatera igaro ziren ondorio guztietarako.

XX. mendea hasi zenean, gauzainen irudia desagertu egin zen 1900eko Udaltzaingoaren Arauditik, eta harrezkero udal-zaindariek osatzen zuten Udaltzaingoa. Udaltzainak bi taldetan banatuta zeuden: eguneko zaindariak eta gaueko zaindariak.

1917an Araudiak beste erreforma bat izan zuen eta Udaltzaingoa lau ataletan banatu zen: Eguneko Hiri-atala; Gaueko Hiri-atala; Guardien Atala; eta Atal Ibiltaria.

 

Portugalete

Lege-informazioa

  • © 2012 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco